Pasadan ostiralean Udalak gutunak banatu zituen herritarren artean.
Bertan esaten zena inkesta bat egingo zela Gizaker enpresaren bidez eta
telefonoaren bitartez izango zela herritarren iritziak eta herriak dituen
beharrak jakiteko. Hasiera batean herriak pentsatzen duena jakitea albiste
pozgarria da, herritarrak beti izan behar baitira herriaren beharren
abiapuntua.
Baina ia aldi berean
udaletxean aurrekontuen komisioa burutzen ari zen, eta udal gobernuak argi eta
garbi utzi zion oposizioari ez zuela aurrekontu parte hartzaileak aurrera
eramango. Beraiek aurrekontuak diseinatu eta aurrera eramango dituztela bere
gehiengo absolutua baliatuz.
Orduan herritarren iritzia
zertarako eskatzen dute? Gero kasurik ere ez egiteko? Edo agian herriaren
aurrean aurpegi bat erakutsi nahiean dabiltza, beraien iritzia garrantzitsua
dela lau haizetara zabaldu eta gero bilkuretan guztiz kontrakoa, azken finean
azken aurpegi hau da errealitatea islatzen duena. Badakigu bilkurak goizez
izatearen ondorioa zein izan den azken hilabete hauetan zehar, herritarren
presentzia eza, eta horren ondorioz herriari bizkarra eman eta nahi dutena
egiten jarraitzen dute.
Gogoan dugu oposizioko
zinegotzi batek sinadura bilketa proposatu ziola udal gobernuari bilkurak
arratsaldean izan zitezen, horrekin iritziz aldatuko zuten esperantzaz. EAJren
gehiengo absolutuaren udal gobernuak hurrengoa erantzun zion: berdin zitzaiola
sinadurak biltzea ala ez, bilkuren ordutegia ez zela inolaz ere aldatuko.
Bestalde, 2019ko
maiatzean, hauteskundeak izan baino aste batzuk lehenago, "Gertuko"
auzo elkarteak eztabaida edo mahai inguru bat antolatu zuen eta alkategai
guztiak gonbidatu zituen bertan herritarrei aurretik eginiko galderak edo
inkesta antzeko bati buruz eztabaidatzeko asmoz. Elkarte hau auzoz auzo ibili
zen herritarren kezkak batzen eta hobetu behar ziren gauzen zerrenda egiten.
Eta nola ez, EAJren alkategaia (gaur egungo alkatea) agertu ere ez zen egin, beraientzat
herritarrek duten garrantzia begi bistan utziz.
Horregatik, gure ustez,
orain egin nahi dutena aurpegi garbiketa bat besterik ez da. Itzalean
herritarrak gutxietsi eta haien aurrean iritziak eskatu garrantzitsuak direla
jakinarazten saiatzeko. Tamalez, egiteko era hau ez zaigu berria suertatzen
baina salatu beharra dago, herria engainatua sentitu ez dadin.