Barrikabaso afera dela eta, hurrengo egunetan aldizkari monografiko bat jasoko duzue etxean.
PDF bertsioan lortzeko sakatu HEMEN. Pulsa AQUÍ para descargar la revista monográfica.
Euskarazko bertsioan hurrengoa dio:
Euskal
Autonomia Erkidegoko Lurralde Batzordearen arabera, Barrikabaso itsasbazterra
babes-modu baten parte da eta, beraz, paisaia-balio handiko gunea. 1988an,
Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Barrikabasoko ingurune osoa Paisaia Babesteko
Eremu Berezi izendatzea, Muriola eta Sopela bitarteko labarra barne.
1991n, Udal
Plangintzako Arau Subsidiarioak onartu ziren Barrikan, eta gure udalerriko
itsasbazterra Lurzoru Urbanizaezin eta Paisaia Babesteko Eremu Berezi izendatu
zen. Arau horiek indarrean dira oraindik ere. Baina Bizkaiko Aldundiaren eta
udal gobernu-taldearen asmoak oso ezberdinak ziren, balio naturalagatik
pribilegiatua den gune horri dagokionez. Gogoratu beharra dago, nolanahi ere,
lur horien jabeak Lezama-Legizamon eta Chalbaud familia dela (garai hartan,
Bizkaiko EAJko diruzaina).
Zentzugabekeria honen hasierak
data eta leku zehatzak ditu: 1997ko ekainaren 12a, Barrikako Udaleko
udalbatza-aretoa. Alkateak eta EAJko lau zinegotziek, oposizioko zinegotzien
iritzia aintzat hartu gabe eta sen onaren aurka, ebazpena onartu zuten babes
bereziko lurra berriz sailkatzeko eta 87 txalet eraikitzeko, babes ofizialeko
12 etxebizitza egiteko aitzakiapean. Oposizioko bi zinegotziek, biak ere Herri
Batasunakoak, proiektuaren aurkako alegazioa aurkeztu zuten, 12 etxebizitza
sozialen argudio zabarra desegiteko. Gerora, Auzitegi Gorenak baliogabe utzi
zuen EAJren birsailkapena, HBko zinegotzien argudio berberak aipatuz eta
birsailkapena justifikaziorik gabekoa zela adieraziz.
Barrikako Udalbatzak onartutako
eta ondoren Bizkaiko Aldundiak berretsitako birsailkapenaren aurrean, Txipio
Bai Elkarte Naturalistak moldaketa salatu zuen auzitegietan. Aurkeztutako
salaketa guztiak elkartearen alde ebatzi dira, hau da, Udalaren eta Aldundiaren
aurka. Birsailkapenari buruzko epaiei erreparatuz gero, argi ikus daiteke
erakundeak eta sustatzaile partikularrak eskutik helduta zihoazela. EAJren eta
sustatzaileen arteko harremanaren beste adierazle bat da sustatzaileak Udalaren
lokal bat izatea, bere lursailak saltzeko.
Halere, kudeaketa horren
zentzugabekeriak gaur egun arte iraun du. Txipio Bai elkartearekiko EAJren
harrokeria eta mespretxuak (“lau katu” zirela esanez, besteak beste), Foru
Aldundiaren babesarekin, are gehiago larriagotu zuen egoera; izan ere,
auzitegiek arrazoia elkarteari ematen ziotela ikusita, kautelazko neurriak
hartu eta Udalaren beraren interesak babesteko lanak geldiarazi beharrean,
eraikuntza-lizentziak ematen jarraitu zuen. 2001ean, Udalak bere aurkako bi
epai zituen eta, hala ere, baimenak banatzen jarraitu zuen 2005era arte,
gutxienez, sustatzaileek irabazi berri dituzten demanda-kopurua handituta.
Barrikako zein Bizkaiko EAJri
egotz dakiokeen erantzukizuna bikoitza da, beraz: alde batetik, aldez aurretik
paisaia-babes bereziko ingurune izendatutako lurzorua justifikaziorik gabe
birsailkatzeagatik, eta, bestalde, birsailkapena legez kanpokotzat joko zelako
adierazle argiak egonik (gerora gertatu zen bezala), kautelazko neurriak ez hartzeagatik.
Kudeaketa ezin txarrago horren
emaitza da Barrikako Udalari eta Bizkaiko Aldundiari ezarritako zigorra,
hirigintza-eragiketa horren sustatzaileei eman beharreko kalte-ordainaren
bitartez; Barrikako Udalaren kasuan, zigorra kalte konponezina da
udal-altxortegirako, ordaindu beharreko 1,5 milioi euroak urte osorako
udal-aurrekontuaren adinakoa baita. Beste modu batean esanda, Udalak 200.000
euro bideratzen baditu herrian egin beharreko inbertsio errealetara, soilik
isunaren erdia ordaintzeak datozen lau urteetan euro bakar bat ere ez
inbertitzea ekarriko luke, eta, isuna osorik bere gain hartuz gero,
inbertsiorik gabeko 8 urte izango lirateke.
Barrikako EAJn ohikoa den
bezala, oposizioko taldeok hedabideen bitartez jakin dugu zigor-epai horren berri.
Azken orduan jakin dugu, halaber, Aldundiak eta Udalak ez dutela isuna
errekurritzeko asmorik, alegia, egozten zaien erruduntasuna euren gain hartzen
dutela modu inplizituan. Sinetsezina badirudi ere, egun, zentzugabekeria
urbanistiko horren arduradun batek ere ez du bere gain hartu inolako
erantzukizunik. Bizkaiko EAJko inork, are gutxiago Barrikako EAJkoek, ez du
bere gain hartu garai hartako erabakirik, ezta horien ondorio ekonomikorik ere,
areago udalerri gisa dugun etorkizuna hipotekatu ondoren ere.
Barrikako EH Bildu ez da izango
herritarrei eginiko lapurreta horren konplize, eta horregatik gure esku dagoen
guztia egingo dugu zentzugabekeria horren arduradunek, izen-abizenak dituzten
horiek, egindakoagatik ordain dezaten.