Jarraian aurkezten
dugun idazkia Uribe Kostako Mankomunitatean EHbilduk hilaren 15ean egindako
eskaera da. (Para ver en castellano, pinchar aquí)
Mankomunitate ororen helburu nagusia, Uribe Kostakoa barne,
udalerri mailan hain eraginkorrak ez diren zerbitzuak bereganatzea izan ohi da,
amankomunean modu egokiagoan eskainiko direlakoan. Horrela izan dadin udalek
hainbat arlotan dituen eskumenak udalerriz gaindiko erakunde honi uzten dizkio
bertatik kudea daitezen. Uribe Kostako Mankomunitateak, esaterako, 3 milioi inguruko
aurrekontua kudeatzen du urtero eta, ezaguna denez, bere gain garrantzi handiko
zerbitzuak hartzen ditu: ongizatea, berdintasuna, ingurumena eta euskara,
besteak beste. Nahiz eta askotan urrun dagoela dirudien, Mankomunitatearen
garrantzia ukaezina da.
Hala ere, Uribe Kostako Mankomunitateak duen egitura eta
jarduteko era ez daude duen garrantziaren pare eta antzinatik datozen disfuntzio
batzuk errepikatzeko arriskuaz ohartarazi nahi dugu idazki honen bitartez.
Aurreko legealdian salatu genituen gehienak baina mahaigainean jarri nahi
ditugu berriro ere hasi berri den legealdian konpontze aldera:
-Ordezkaritza onartzeko sistema. Herrialde bakoitzean
alderdien arteko negoziazioen esku dagoenez Osoko Bilkurarako lortutako
ordezkaritza ez da batere proportzionala izaten, hau da, hauteskundeetan
emandako emaitzetatik oso urrun dago. Esaterako, herrialde desberdinetan
adostutakoaren arabera EHbilduk 26 zinegotzirekin eskualde osoan 2 ordezkari
besterik ez lituzke lortuko, eta PPk, ordea, zinegotzi bakarrarekin,
ordezkaritza izango du. Argi dago, ordezkarien banaketa ez dela herritarron borondatearen
adierazgarri.
-Urteotako eskarmentuak diosku, gainera, nahiz eta
herriz herri aukeratu ordezkariak, hauek alderdiaren ordezkariak bailitzan
jarduten direla, jatorrizko herriak ordezkatu beharrean. Beraz, jokabide honek
ordezkaritza sistema eta errealitatean gertatzen denaren aldea edo
inkongruentzia areagotu besterik ez du egiten.
-Estatutuak eguneratu gabe daude. Aurreko legealdian
salatu bezala, indarrean dauden estatutuak eguneratu gabe daude. Foru legean
emandako moldaketak barneratu gabe ditu eta estatutuak onartu ostean sortutako
batzordeak ez ditu aipatu ere egiten.
-Eguneratu gabe egoteaz gain,
estatutuko hainbat arlo ez dira betetzen. Esaterako onartu zirenetik ez da
inoiz Batzar Orokorra deitu, zinegotzi guztiak biltzen duena, alegia, eta Osoko
Bilkurak Batzar Orokorrari dagozkion eskumenak kendu dizkio Estatutuetan
dionari muzin eginez. Horren adibide esanguratsuena aurrekontuak onartzeko
eskumena da. Esan bezala 3 miloi inguru kudeatzen ditu urtero Mankomunitateak
(3.000-4.000 biztanle duen udaletxe baten antzera) eta Osoko Bilkurak hartu du
bere gain onartzearen ardura, alderdien arteko negoziazioetan banatutako
ordezkarien artean, alegia.
Osatu gabe dagoen arren, Uribe Kostako Mankomunitateak
aurreko legealdian emandako arazoak errepikatuko dituela antzeman daiteke
dagoeneko. Ordezkariak aukeratzeko sistema antidemokratiko honek herritarron
borondateari muzin egiten ari zaio beste behin, eskualdean emandako emaitzen
adierazgarri izan beharrean, herrietan alderdien arteko negoziazioen menpe
dagoelako.
Ordezkaritza hautaketarekin gertatu dena ikusita, aurreikus
daiteke aurreko legealdian emandako beste hainbat arazo errepikatuko direla
hemendik aurrera eta halako batzuk saihesteko EHbildutik hurrengo proposamena
luzatu nahi dugu:
-Estatutuak betetzea. Batzar Orokorrari dagozkion
eskumenak bertara itzultzea. Aurrekontuak onartzeko esaterako.
-Estatutuak eguneratzea, azken urteotan eman diren
moldaketak barneratzeko.
-Ordezkaritza hautatzeko sistema aldatu, herritarron
borondatearen adierazgarri izan dadin.
Ezinbestekoa ikusten dugu,
Mankomunitatearen egitura eta helburuen inguruan eztabaida zabaltzea. Indarrean
dauden estatutuak zaharkituak baitaude erabat, ez diote errealitateari
erantzuten eta Mankomunitateak dituen helburuak eta kudeatzeko era ez daude
askoz hobeto. Udalek egiten duten ekarpena eta jasotzen dutenaren arteko
zerbitzuen neurria ez dago batere argi eta birpentsatu beharra dagoela uste
dugu.
Aldi berean, Mankomunitatea erakunde
ezezagun eta itxi batean bilakatu da. Herritarrok oro har ez dute ezagutzen eta
Osoko Bilkuratik at dauden zinegotziei ere, parte-hartzeko aukerarik ez zaie
ematen. Zentzu honetan, Mankomunitatearen gardentasun falta oso nabarmena da.
Aurreko guztiagatik eta egunekotasun
kudeaketan murgildu baino lehen EHbildutik Mankomunitatearen egituraren
inguruan hausnartzeko deia zabaldu nahi dugu, hurrengo urteotarako erakundeak izan
behar duen erronka nagusiena erakundea antolatzeko eta egituratzeko ereduak
goitik behera aldatu eta eskualdeko errealitatera egokitzen has gaitezen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario