2023/03/06

Ziabogaren aldeko konpromisoa

Uribe Kostako Mankomunitatearen inguruko manifestua aurkeztu dute eskualdeko EH Bilduko alkategaiek

Otsailaren 26an ekitaldia egin zuen Uribe Kostako EH Bilduk Barrikako frontoioan; Berango, Sopela, Urduliz, Plentzia, Gorliz, Lemoiz eta Barrikako alkategaien presentziarekin. 

Xabier Errementeria Barrikako alkategaiak egin zuen aurkezpena, eta “Ziabogaren aldeko konpromisoa”, Uribe Kostako Mankomunitatearen inguruko manifestua aurkeztu eta sinatu zuten bertan 7 alkategaiek. Ilusioa eta aldaketarako gogoa arnasten zen bertan. 

EH Bilduren nahia herritarren eguneroko bizitzak bizigarriago bihurtzea dela adierazi zuten. Eta horretarako ezinbestekoa dela EAJk Uribe Kostako mankomunitatean zein udaletan orain arte eraiki duen eredua iraultzea.

Errealitatean azterketa eginez ekin zioten ekitaldiari: “Zoritxarrez, Uribe Kostako mankomunitatea putzu ilun bihurtu dute. Burokratikoa, gardentasun eta eraginkortasun gabekoa. EAJren zerbitzura dagoen tresna opako eta trakets bilakatu da. Eta gainera, haien inoperantzia guztion poltsikotik ordaintzen dugu”. 

Jarraian, EH Bilduren prestasuna nabarmendu zuten: “Guk gaur egun dugun errealitate hori eraldatu nahi dugu. Gure 7 herrietako ia 40.000 biztanleen bizi-kalitatea hobetu, harremanak estutu eta erronka berriei erantzun nahi diegu”.

“Beraz, 180 graduko bira behar dugu, Uribe Kostako Mankomunitateko herritarren beharretara egokitua eta Euskal Herriak dituen erronka nagusiei erantzungo diena. Beste gobernantza-eredu bat eraiki behar dugu, beste eredu sozial eta ekonomiko bat garatzeko”.

“Horretarako, orain tresnarik egokiena EH Bildu da, gu geu gara. Eta horregatik, ilusioz eta determinazioz ekiten diogu aurrean dugun hauteskunde ziklo berri honi. Gure 7 udalerrietan, Uribe Kostan, inoizko emaitzarik onenak aterako ditugulakoan gaude. Ez izan inongo dudarik. Esku artean ditugun datuek hori aurreikusten dute. Piztu eta zabaldu dezagun ilusioaren sua lau haizetara!”

“Beraz, bide onean gaude, norabide egokian eta haizea alde dugula. Guk geure erara, probokazioetan erori gabe, jarrai dezagun lanean, eta horrek definitzen gaitu”.

“Eta aipaturikoaren bidean, gaur gure hitzak konpromiso bihurtu nahi ditugu. Eta gure konpromisoa islatzeko hemen bildu gara 7 udalerrietako alkategaiak jarraian irakurriko dugun, “Ziabogaren aldeko konpromisoa” manifestuarekin bat egiteko”.

Manifestua

Euren kabuz soilik eskaini ezin zitzaketen zerbitzuak eman ahal izateko udalerrien indarrak batzea du helburu edozein mankomunitatek. Honen oinarrian gure herrian oso erroturiko filosofia dago, auzolana eta elkartasunean oinarritutako lankidetza, alegia. Gure kasuan, hainbat zerbitzu partekatzeko sortu zen: gizarte ekintza, euskara, berdintasuna, ingurumena eta kontsumoa.

Baina mankomunitate batek beste esparru batzuk ere jorratu behar ditu: epe luzerako helburuak eta estrategiak, batez ere tokiko garapena, baliabideen aprobetxamendua eta optimizazioa, sinergien bilaketa, esperientzien trukea eta ekimenen koordinazioa.

Ildo horretan, hainbat arlotan lan egin eta sakontzeko konpromisoa hartzen dugu:

a) Toki garapen orekatua bultzatuko dugu, sektore guztiak aintzat harturik: nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza, industria eta zerbitzuak (merkataritza, ostalaritza, turismoa eta enplegu publikoa, bereziki), beti ere, gure baldintzak eta gure herrien ezaugarriak kontuan hartuta eta enplegu gehiago eta kalitatezkoak lortzeko helburuarekin.

b) Gure ingurumena mehatxatzen duten arriskuei aurre egingo diegu eta berau babesteko politikak gauzatuko ditugu (hondakinen kudeaketa eraginkorra, energia, kostaldearen babesa edo mugikortasun iraunkorra) Berangotik Lemoizeraino.

c) Gure udalerrietako sektore ahulenak babestuko dituzten gizarte-politikak garatuko ditugu, Uribe Kostan herritar guztiok duintasunez bizi ahal izan gaitezen.

d) Euskara eta euskal kultura gure politikaren ardatza izango dira, gure herri-izaeraren oinarria direlako eta garapenerako balio erantsia ere badirelako.

e) Gure zazpi udalerrien arteko lankidetza estrategiak landuko ditugu, beharrak aztertzean eta soluzioak eskaintzean eskualdeko ikuspegia txertatuta eta auzolana ipartzat hartuta.

f) Azkenik, Uribe Kostako egiturak (Mankomunitatea eta Behargintza) demokratizatzeko eta dinamizatzeko konpromisoa hartzen dugu, sentsibilitate guztiak behar bezala ordezkatuta egon daitezen, parte hartzeko aukera-berdintasuna egon dadin eta biek gaur egungo inertzia gainditu eta ekimen berriak bultza ditzaten.

Mezu argiarekin amaitu zuten: “Uribe Kostak bultzada berria behar du. Uribe Kostak Euskal Herri Bildu behar du”.

Ostean, luntxa egon zen bertaratutakoentzat, eta ondoren, Barrikako EH Bilduren bazkaria, oso giro onean joan zena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario