2023/03/16

Europar funtsen gaineko mozioa

EH Bilduk Europako funtsen inguruko proiektuak aurkezteko eskatu dio Barrikako Udalari. 

Atzoko osoko-biluran onartu zen EH Bilduk gaiaren inguruan aurkeztutako mozioa. 

Atzo plenoan egin zen Barrikako Udaletxean, goizeko 9:30ean eta telematikoki, EAJren agintepeko azken plenoetan gertatu den bezala. Besteak beste, EH Bilduk sartutako mozio bat eztabaidatu zen bertan, Europako funtsen ingurukoa.

Mozioak, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoez gain, iBarrikaren ordezkariaren aldekoa ere jaso zuen eta EAJko kideak abstenitu egin ziren.

Hemen duzue sartutako mozioaren testua:

BARRIKAKO EH BILDUKO UDAL TALDEAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, NEXT GENERATION FUNTSEN DEIALDIETAN BARRIKAKO UDALAK SUSTATZEKO PROIEKTUAK AURKEZ DITZAN ESKATZEKO

2020ko uztailaren 21ean, Europako Kontseiluak "Next Generation EU" izeneko aparteko tresna bat adostu zuen, 750.000 milioi eurokoa, aldi baterako,COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, estatu kideekin koordinatutako erantzun europarra bermatuz.

Next Generation EUren barruan bolumen handieneko tresnetako bat Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa da (SEM), 672.500 milioi eurokoa. Finantza-tresna da eta bere helburua susperraldi ekonomikoa bizkortzea eta lanpostu berriei eustea eta lanpostu berriak sortzea da. Espainiako Estatua da onura gehien jasotzen dituen bigarren herrialdea, guztira 140.000 milioi jasoko baititu; horietatik % 52 itzuli beharrik gabekoak dira eta % 48 maileguak.

Udalak SEMeko diru-laguntzen hartzailea izan daitezke. EUDELEK toki-erakundeentzako inbertsio interesgarriak aztertzeko dokumentu bat landu du eta bertan adierazten da udalek proiektuak aurkez ditzaketela ze lau zeharkako ardatzetan, hots, trantsizio ekologikoa ahalbideratzeko, gizarte eta lurralde kohesioa indartzeko, genero berdintasuna bermatzeko eta eraldaketa digitala sustatzeko. Era berean, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana hamar (10) trakzio-palanka eta hogeita hamar (30) osagai aurreikusten ditu. 

Bizkaiko hainbat udalek, besteak beste Barrikak, diru-laguntzak zehatz batzuk jaso dituzte. Hain zuzen ere, Barrikan 50.000 euroko diru-laguntza jaso da bosgarren zama-ontziak ezartzeko. 

Nolanahi ere, deialdiak 2023an oraindik ere zabalik daudenez gero, egoki ikusten da plangintza bat osatzea erabaki ahal izateko, udalaren beharren arabera, zein beste proiektu finantzatzeko baliatu ahal diren SEM tresnaren funtsak, trantsizio ekologikoa ahalbideratzeko, gizarte eta lurralde kohesioa indartzeko eta genero berdintasuna bermatzeko eta trantsizio digitala bultzatzeko, izan ere, ardatz horietan Barrikaren beharrei erantzuteko programak egon badaude.

Horiek horrela honako ebazpen proposamena egiten da:

EBAZPEN PROPOSAMENA

LEHENENGOA.- Alkateak plan bat aurkez dezala hurrengo udalbatzan Next Generation funtsen 2023an irekitako deialdietan Barrikako beharrak asetzeko balio lezaketen proiektuak jasotzen dituena.

BIGARRENA.- Plana egiterakoan, bereziki kontuan har ditzala energia berriztagarrien erabilera sustatzeko dirulaguntzak, bai eta Artepeta eta Goierri auzoak lotzeko oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat eraikitzeko finantzaketa eskain dezaketen deialdiak ere.

HIRUGARRENA.- Planean genero-berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko proiektuen deialdietan aurkez daitezkeen proiektuak ere kontuan hartzea. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario