2014/12/11

EUSKARA SUSTATZEKO PLAN UGARI, BAINA KONPROMISO GUTXI!


 
Atzo, hilaren 10ean burututako ez ohiko batzorde informatiboan, besteak beste, Barrikarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) izan genuen aztergai. Gainerako gaiak Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Ordenantza eta Hiruka proiektua izan ziren eta gai bakoitza aurkezteko teknikari edo arduradun bana gerturatu zen gurera. Tamalez, ohitura bilakatu den legez, berehala jabetu ziren  gure udal funtzionamenduren mailaz. Hirurak ala hirurak, ikusi zuten nola eurek aurretiaz udaletxera bidalitako txostenak ez zituztela oposizioko zinegotzion artean banatu (idazkaria altxatu zen fotokopiak egitera) eta jakina, bileraren nondik norakoa momentuan berregin behar izan zuten, batez ere, euskara eta berdintasun teknikarien kasuan. Gainera, azken bi kasu hauetan, ESEP eta Berdintasunerako Ordenantza, hurrengo asteko Osoko Bilkuran onartu behar ditugu, beraz bota kontuak zenbateko denbora dugun dokumentu horiek aztertzeko. Nekez topatuko dugu beste inon azken urtean gurean lortutako nagikeria beste.
 
ESEParen funtsean murgildu aurretik, komenigarria da gogoratzea duela urtebete Barrikako Udalaren Euskara Plana 2013-2017 (EP) onartu zela, beste behin ere presaka eta epemuga jotzear zegoelarik. Urtebete pasa da eta harri berean egin dugu estropezu. Iaz, urtea bukatu aurretik onartu beharreko plana (EP) 2013ko azken Osoko Bilkuran onartu zen. Gai zerrendatik kanpo geratu zen hiru egun lehenago txostenaren berri ez genuelako eta  ez ohiko bidetik onartu behar izan genuen irakurtzeko egun eskas bat izan ondoren. Teknikoki ondo eginda zegoela ikusirik gure sostenguaren truke baldintza bakarra ezarri genuen: EPa benetan martxan jartzea eta betearazteko konpromisoa hartzea. Ez dugu uste udal kudeaketa jarraitzen duen inor, nahiz eta oso gainetik izan, harrituko denik jakitean urtebete pasa ondoren aho-batez onartutako EP hori gauzatzeko ahaleginik ere egin ez dutela. Onartu ostean kaxa baten gorde zuten, eta bertan dirau 2017 noiz helduko eta hurrengo EP bategatik ordezkatua izateko zain. Beraz, aurrekari guzti hauek kontuan izanik, ESEPari dagokion patua EPak izan duenaren berdintsua izango dela ematen du, hau da, saguen kritika zorrotzari aurre egitearena solik.
Eta atzo, marmotaren egunaren antzera, 2014 bukatzear dagoenean beste plan berri bat helarazi digute hurrengo asteko Osoko Bilkuran onar dezagun. Oraingoan, euskara planak (ESEP) 17 esparru ditu jorratzeko, guzti guztiak udalaren ardurapean geratuko liratekeenak. Baina euskara planekin udalerri honetan izan dugun eskarmentuak argi eta garbi diosku nahiz eta teknikoki txosten eredugarria onartu, gauzatzeko borondaterik ez badago halako onarpenak ezer gutxiren bermea direla. Beraz, ze argudio bildu behar ditugu, 17 esparru jorratzen dituen ESEPari sostengua emateko, iaz esparru bakarrekoa onartu bagenuen (EP) eta Udala urtebete pasa ostean oraindik ez badu ezer ere egin? Merezi al du gure buruari iruzur egitea eta horrelako lanetan dirua xahutzen jarraitzea, jakin dakigunean Barrikako EAJk euskararekiko duen konpromisoa hutsaren hurrengoa dela?  Datozen egunotan erantzun beharreko galderak ditugu hauek.
Edukiaren aldetik, aurkeztu diguten ESEP zirriborroa nahiko txukuna da. Halako planekin gertatu ohi den moduan, nahiko orokorra da, eta neurri zehatzak botatzen ditugu faltan. Halere, teknikariak esan bezala, txosten honi kudeaketa plan bat darraio, non hartu beharreko neurriak zehaztuko diren garatzeko beharrezkoak diren bitartekoekin batera. Diagnostikoan aurkeztutako datuen arabera (Eustat 2011), Barrikan 625 (%42) biztanle euskaldunak lirateke, 474 (%32) ia euskaldunak eta gainerako 376ak erdaldunak (%26). Euskaldun eta ia euskaldunoi egokitutako datuak balio handiegia dutela uste dugu, baina edozein kasutan, kalean euskara jakintza maila hori ez da,  inolaz ere ez, islatzen. Hortaz, euskara kalera aterako badugu, beharrezkoa da sustapenerako neurriak martxan jartzea. Beste kontu bat da, halako planekin helburu horretara hurbiltzen garen ala gauden tokian bertan jarraitzen dugun. Izan ere, kalean euskara sustatzeko azken aldian egin diren ekimen guztiak, liburutegiak antolatutakoaz gain, Isertegi eta Jai Batzordea elkarteek proposatu dituzte. Hor dira esaterako, antolatu dituzten bertso afariak, ideien zaparrada, euskara eguna Sanjuanetan, kanta tailerra eta orokorrean herrian arnasguneak sortzeko ahalegin guztiak. Ulertezina da elkarte hauek egindako ekarpen guzti hauek diagnostikoak kontuan hartu ez izanak. ESEP 2014-2017 ikusi nahi baduzue sakatu aukeratutako hizkuntzaren gainean: euskara ala gaztelera.
Beste alor askotan gertatzen ari den antzera, Barrikako EAJk zer edo zer egiten ari denaren itxura besterik ez du eman nahi. Planak eta planak onartzen ditu bata bestearen atzean, egunkarietan horren berri emateko baina funtsean ezer gutxirako balio dute garatzeko ez borondaterik ezta gaitasunik ere ez duelako. 2013 onarturiko EP jokaera horren azken adibidea dugu. Zentzu berean eta bitxikeria moduan aipa dezakegu, nahi gabe, UKren bozeramailearen eskutik jakin genuela atzo, Barrikako Alkateordeak UK aldizkariari duela aste batzuk emandako elkarrizketa Barrikako Udalak aldizkari horri emandako diru-laguntzaren truke izan zela (57,86 euro). Bitxiena, EHbilduko zinegotziak aurkeztu zuela proposamen hura Mankomunitatetik jaso zuen oharrari kasu eginez, eta inori esan gabe Alkate Ordeak berak eman zuen elkarrizketa. Larriena aldiz, elkarrizketa horretan bota zituen proposamen eta asmo guztiak egin gabe daudela da, itxura besterik saldu ez baitzuen. Eta jakina, itxurak ez du inongo arazorik konpontzen, ezta euskararena ere. Argi dago beraz, datorren legealdi berriko gobernu buruek euskararekiko izango duten jarrera oraingoek eta aurrekoek erakutsi dutenaren antzerakoa bada, hurrengo astean ESEP onartzea ala ez onartzea eragin gutxiko erabakia izango dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario