2014/01/28

UDALAK GASTUAK JAN, ALDUNDIAK EMANDAKO HITZA!

 
Ezaguna denez, Barrikako Udalak bere Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO euskaraz, PGOU erdaraz) lantzen ari da aurreko legealditik. Bere edukiak eztabaida handia eta anitza eragin du Udaletxean, kalean zein beste foru batzuetan, baina oraingo honetan bere kostuaz mintzatuko gara, bere garrantzia duten datu batzuk ezagutzera emateko asmoz. Izan ere, HAPOa garatzeko kontratatuta dagoen ERDU enpresari 103.185 euroko ordainketa egitea onartu genuen ez ohiko azken Osoko Bilkuran (ikusi aurreko sarrera horren berri izateko). Aurreko sarreran aipatu bezala, ez ohiko saioa egitera bultzatu zuen arrazoi nagusia diru laguntza jasotzeko epea amaitzear zegoela izan zen eta honezkero batere ez ohizkoa ez den moduan, hau da, azken unean eta presaka, hartu behar izan ditugu erabakiak.


Halere, ordainketa honegatik Udalak jaso duen diru laguntza ez da hainbesterako izan eta edozein kasutan agindutakoa baino askoz ere murritzagoa izan da. Horrela, Aldundiak HAPO prozesuaren ia gastu gehienak ordainduko lituzkeela esan bazuen ere, bere aurrekontuetan egiten ari den murrizketak direla eta, gastuaren gehiena Udalak berak finantzatu beharko duela ematen du, eta ez gara ari sosa gutxi batzuei buruz, 170.000tik gorako ordainketez baizik!
2010eko urriaren 21ean Barrikako Osoko Bilkurak HAPO garatzeko kontratazioa onartu zenean zehaztutako prezioa 189.504 eurokoa (228.163 BEZa barne) izan zen eta aurrerago esan bezala Aldundiak ia kostuaren %100 emango zuela aitortu zuen. Baina orain arte gertatutakoari erreparatzen badiogu bederen, zalantza izpirik gabe esan dezakegu Aldundiak bere hitza jan egin duela eta hasieran hartutako konpromiso hura ezer ezean geratuko dela. Esaterako, azken ordainketatik, 103.185 eurokoa alegia, Aldundiak 15.000 euro besterik ez ditu finantzatuko, %15a baino gutxiago hain zuzen.
Orain arte ordaindutako kopuru osoa kontuan hartzen badugu berriz, egoera ez du nabarmenki hobera egiten eta ez da inolaz ere %100 horretara heltzen. Horrela dela egiaztatzeko  goiko grafikoan agertzen diren datuei erreparatu besterik ez dugu egin behar eta bertan  antzeman daitekeenez, 170.838 euroko gastutik Aldundiak 55.500 euro besterik ez dizkio itzuli Udalari, ordaindutakoaren %32a, alegia. Hau gutxi balitz, Aldundiak HAPOa finantzatzeko diru gehiagorik ez ematea aztertzen ari denaren zurrumurrua dago eta egia izanez gero Udalak ordaindu beharko lituzke ordaintzeke dituen gainerako beste 57.325 euroak ere. Horrela izatekotan, gastua ia osorik Udalak jango luke eta Aldundiak emandako hitza besterik ez!
Barrika moduko herri txiki baterako HAPO honen gastua bere urteko aurrekontuaren %15a baino gehiago da. Aldundiak gure aurrekontuetan eragiten digun zulo honekin inbertsio erreal ugari galtzera behartzen gaitu eta horregatik uste dugu ezin dugula horrelakorik onartu. Bukatzeko, Aldundiak egiten ari den murrizketen beste zentzugabekeria bat dela ozen salatu gura dugu eta EHBilduren jarrera horren aurkakoa izango dela argi eta garbi aitortu, bai Barrikako Udaletxean baita Batzar Nagusietan ere.

1 comentario: