Urriaren 18an,
ostirala, izan genuen uda osteko bigarren Batzorde Informatiboa. Aurrekoa, irailaren
19an izan zen eta Udal Bilkura tartean hiru hauek izan dira udatik hona izan
ditugun deialdi ofizial guztiak. Lehen, astean behin gutxi gorabehera biltzen
baginen udaletxean, eredu berria onartu zenetik, hilean behin izango dela
ematen du.
Azken Batzorde
honetan, hiru gai zeuden mahai gainean, eta horietatik, bi besterik landu
ziren, azkenerako ez omen zegoen astirik eta. Eztabaidatu ziren gaiak, diru-laguntzak eta
ordenantza fiskalak izan ziren. Aurreko plenoan eztabaidatu gabe geratu ziren
puntuak? Horiek aipatu ere ez ziren egin! Bukatu gabe Pleno hura noiz
jarraituko dugun? Ezta ere!, ez dakigu ezer ere.
Kontua, diru-laguntzak
eta zergak eta tasak ziren, besterik ez zegoen gai zerrendan, HAPO (PGOU
gazteleraz) gaia izan ezik baina antza ardura handirik ez du momentu honetan
EAJrako, guztiek alde egin baitzuten hori jorratu behar zenerako. Jakina,
eskariak eta galderak ohiko azken puntua ez zen ezta aipatu ere egin.
Barrikako EAJk gaiak
eztabaidatzearena ez duela oso gogoko
hasieratik jakin dugu (Bilkura Osokoetara hurbiltzea besterik ez duzue egin
behar egiaztatzeko!) eta eredu berriari esker, eztabaidarako gune gutxiago
dugu eta gai ordenan gure gaiak sartzeko aukera gutxiago ere. EAJk bi adskrituei
zor diona handia da benetan.
Horregatik,
eztabaidatu ziren gaietan ez genuen euren argudioak entzuteko aukerarik izan,
nekez argudiatzen baitute gairen bat.
Esaterako, zergak eta tasak ez dituztela KPIren arabera eguneratu nahi bota zuten,
aurreko bi urteotan egindakoaren aurka, arrazoiak? Ez dakizkigu. Guk berriz, ohi
den bezala, idatziz aurkeztu genuen OHZ (IBI gazteleraz) eguneratzeko
proposamena eta aldi berean errenta gutxiko auzokideentzat diruz laguntzeko
funtsa bat osatzearen beharra, beste zenbait herrietan egin duten moduan,
Getxon, esaterako. Zaborren inguruan ere, EAJk proposatuko ez eguneratzearekin Udalak duen
zuloa (52.000 euro urtero) handitu besterik ez dela egingo adierazi genuen eta azpimarratu
genuen arazo horri heldu beharko diogula inoiz, gure konponbideak gogoratuz, birziklapena
bultzatzea eta hiri konposta martxan jartzea alegia. Gainera, aurrekontuetan badago horretarako partida. Noiz beteko zai gaude.
Diru-laguntzen
inguruan iaz egindako akatsak zuzentzen saiatu da EAJ, iaz onartutako 15.000
eurotako partida batetik, 7.500 euro besterik banatzeko gai izan direlako,
arauak idazterakoan egindako hanka sartzeagatik. EAJren gaitasun eza dela, interes falta dela, aurten ere partida asko erabili gabe geratuko dela ematen du.
Eztabaidatu zen bat aipatzearren, Osasun Etxeetara hurbiltzeko diruz laguntzeko
duela bi urte sortutako funtsa. Barrikak duen arazoa, beraz, ez da diru falta, diru hori nola kudeatu ez dakiten agintari batzuk iaztea baizik. Horregatik nahiz eta aurrekontu zorrotzak eta politika zehatz batzuk abian jartzeko partidak onartu, jarraian gauzatu behar dutenek ez badute lan egiten ezer gutxirako balio du. Eta hau ez da, Batzorde Teknikoen ardura, agintea dutenena baizik, EAJ hain zuzen.
Azken Osoko Bilkuran
defendatu genuenez, Batzorde Teknikoak lan egiteko guneak ziren, eta hauek
kenduz gero, lan hori beste nonbait egin beharko da, kentzearekin batera
eginbeharrekoa ez baita desagertzen. Non egiten da? Nork egiten du? Ba egia esan guk ez
dakigu, Udaletxea bahiturik dagoela ematen duelako, inork ez baitu ezer ere egiten
eta aurrera ateratzen den la eskasa Udaleko langileek egiten dutenagatik delako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario