Dakizuen
moduan, Barrikabasoko hirigintza proiektuak oso egoera deserosoa eragin du
Barrikan. Batetik, hainbat etxebizitza eraiki direlako legeak baimentzen ez
zuen tokian eta esparru hori etxeak eraiki aurretik zegoen egoerara bueltatzeko
eskatzen duelako Auzitegi Goreneko epai batek.
Barrikako EH Bildu arazo larri horri
konponbidea emateko aritu da lanean. Afera honetako hiru aldeak ados jartzen
saiatu da. Alegia, etxebizitzen jabeak, Txipio Bai eta Udala ados jarriko
dituen akordioa bilatzen aritu gara. Horretarako Udala, Txipio Bai eta
etxebizitzen jabeen arteko hitzarmena bultzatu dugu Udaletik, herriko alderdiek
eta HAPO Aholkularitza Batzordeak horrela eskatuta.
Hiru aldeen arteko adostasunerako
ardatzak topatzea lortu dugu guztion artean. Txipio Baik eraikita dauden
etxebizitzak ez botatzea onartzen du baldin eta gainontzeko eremua urbanizatzea
galarazten bada eta esparru hori lanak hasi aurretik zegoen bezala uzten bada.
Akordio hori
ixteko zorian geundela, ordea, EAJk jarreraz aldatu du. Aldundiak esku hartu du
auzian eta Barrikabasoko ingurua urbano bihurtu daitekeela zabaldu du
etxebizitza jabeen artean. Aldi berean, Barrikako EAJk Udaleko hirigintza batzordeko lehendakaritzatik
kendu gaitu.
EAJren
jarrerak ziurgabetasun juridikoan utziko luke Barrikabasoko auzia. Izan ere,
ingurua urbanizatzen jarraitzen bada Txipio Bai eskubidea du Auzitegi Gorenak
emandako sententzia exekutatu dadin eskatzeko. Eta orduan, irabaziz gero,
eraikitako etxebizitza guztiak behera bota beharko lirateke. Horrek pleito eta
auzibide prozesu bat ekarri lezake Barrikako Udalaren eta Aldundiaren kontra.
Ondorioz, erakundeek kalte ordainak ordaindu behar izateko arriskua ere handia
litzateke.
Beraz, EH
Bilduren ustez, Barrikabasoko afera konpontzeko bide ziur bakarra aldeen arteko
adostasuna bilatzea da. Horregatik, Udaleko hurrengo bilkurara proposamena
aurkeztuko dugu, taldeek eztabaidatu eta onartu dezaten. Barrikabason eraiki
diren etxeak mantendu eta gainontzeko eremuan etxe gehiago egite galaraziko
duen proposamena eramango dugu plenora eta espero dugu gainontzeko taldeek
proposamen hori babestea.
Barrikako EAJri, beraz, leialtasunaz jokatzeko eta
arduragabekeria alde batera uzteko eskatzen diogu. Bertan bizi diren auzokideak
euren etxebizitza galtzeko arriskuan ez dezala jarri.
Bizkaiko Foru Aldundiari, berriz, hasieratik Barrikabason
egindako hanka sartzea onartu dezala eta ez dezala oztopo gehiagorik jarri alde
guztien arteko adostasuna lortzeko bidean eskatu nahi diogu.
Bizkaiko
Batzar Nagusietan orain gutxi entzun ditugu Foru Aldundiko zenbait ordezkarien
hitzak Barrikabasoko auziaren inguruan. Barrikako Udalak onartzen duena
errespetatuko duela ziurtatu zuen Unai Rementeria lehendakaritza diputatuak
orain aste batzuk. Aldundiak Udalen autonomiaren aldeko jarrera duela eta
Barrikak onartzen duena errespetatuko duela Barrikabasoko etxebizitzen aferan.
EH Bildutik,
ordea, jakin dugu Aldundia kontrako jarrera izaten ari dela. Barrikan zuzenean esku
hartu du eta herrian alde desberdinen artean lortu den adostasuna zapuzteko
arriskuan jarri du, Barrikabasoko etxebizitzen jabeen artean eremu hori urbanizatzea posible dela
zabalduz.
EH Bildutik
Foru Aldundiari eskatzen diogu Batzar Nagusietan esandako hitzak orain ez
ditzala jan eta errespetatu dezala Barrikan auziko alde desberdinen artean
lortu den akordioa. Gainera, hori da Barrikabasoko etxebizitzen egoerari
irtenbide ziurra emateko gai den proposamen bakarra. Hau da, eraikita dauden
etxeak mantendu eta gainontzeko eremua lehengoratzea. Proposamen horrek ados
jarri ditu auzokideak, Txipio Bai eta Udaleko taldeak. Aldiz, Aldundiak
Barrikako eremu horretan eraikitzeko asmoekin aurrera jarraitu nahiko balu,
segurtasun juridikorik gabeko egoera baten aurrean izango ginateke berriz eta
etorkizun hurbil batean etxebizitza guztiak botatzera behartua ikusi daiteke
Udala. Horrez gain, enpresa nahiz familiei kalte ordainak emateko arriskua
izango luke bere gain.
Zer gertatuko
litzateke orduan? Aldundiak kalte ordainak ordaintzera arriskatuko da,
proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko? Kontrako hiru epai jaso ostean
bide beretik jarraituko du? Esan beharra dago Lezama Legizamon familiak,
hirigintza proiektuaren sustatzaileak, ez duela Udala bakarrik salatu. Aldundia
ere salatu du. Zergatik dago beraz, Aldundia proiektu honi bide emateko hain
tematuta?
Gogoratu
dezagun bide batez, Karraspioko hondartza ondoko parkinga eta etxebizitzak
geldiarazteko agintzen duen sententzia ezagutu berri dugula. Eta Aldundiak,
ebidentzia guztien kontra proiektua gauzatzen saiatu dela. Berriro ere halako
hanka sartze tamalgarria errepikatzeko asmotan ikusten dugu Foru Aldundia.
Zergatik egin nahi du orduan aurrera?
Kontuan izanda
Txipio Baik dagoeneko hiru epai irabazi dituela, hiru epaitan Barrikabasoko
proiektua legala ez dela berretsi dela, Aldundiari exijitzen diogu gaizki
egindakoak onartu eta proiektu bertan behera utzi dezala.
Aldundiak
erabaki okerrak hartu dituela horren nabarmen frogatua gelditu ostean, ez dago
ulertzerik legez kanpoko proiektu honekin tematuta jarraitzea. Zein interes du
Foru Aldundiak Barrikabasoko etxeetan? Karraspion gertatu bezala, zergatik
gauzatu nahi du legearen kontrakoa den proiektua interes pribatu batzuen alde?
Koalizioko
batzarkideok azalpenak eskatuko dizkiogu Aldundiari hurrengo osoko bilkuran,
proposatzen duenak ez baitu ez hanka ez bururik. Berriz ere, interes
orokorraren kalterako eta gutxi batzuen mesederako ari da jokatzen EAJ eta Jose
Luis Bilbaoren gobernua.
Beraz, esan
bezala,EH Bilduk Udal autonomia errespetatzeko exijituko diogu Aldundiari eta
Barrikako Udalak HAPO gehiengoz onartzen badu, akordio hori errespetatu dezala.
Horixe baita auziari konponbide ziurra emateko bide bakarra.
No hay comentarios:
Publicar un comentario