Atzo, hilaren 10ean burututako
ez ohiko batzorde informatiboan, besteak beste, Barrikarako Euskara Sustatzeko Ekintza
Plana (ESEP) izan genuen aztergai. Gainerako gaiak Gizon eta Emakumeen arteko
Berdintasunerako Ordenantza eta Hiruka proiektua izan ziren eta gai bakoitza
aurkezteko teknikari edo arduradun bana gerturatu zen gurera. Tamalez,
ohitura bilakatu den legez, berehala jabetu ziren gure udal
funtzionamenduren mailaz. Hirurak ala hirurak, ikusi zuten nola eurek aurretiaz
udaletxera bidalitako txostenak ez zituztela oposizioko zinegotzion artean
banatu (idazkaria altxatu zen fotokopiak egitera) eta jakina, bileraren nondik
norakoa momentuan berregin behar izan zuten, batez ere, euskara eta berdintasun
teknikarien kasuan. Gainera, azken bi kasu hauetan, ESEP eta Berdintasunerako
Ordenantza, hurrengo asteko Osoko Bilkuran onartu behar ditugu, beraz bota
kontuak zenbateko denbora dugun dokumentu horiek aztertzeko. Nekez topatuko
dugu beste inon azken urtean gurean lortutako nagikeria beste.
ESEParen funtsean murgildu aurretik,
komenigarria da gogoratzea duela urtebete Barrikako Udalaren Euskara Plana
2013-2017 (EP) onartu zela, beste behin ere presaka eta epemuga jotzear zegoelarik.
Urtebete pasa da eta harri berean egin dugu estropezu. Iaz, urtea bukatu
aurretik onartu beharreko plana (EP) 2013ko azken Osoko Bilkuran onartu zen.
Gai zerrendatik kanpo geratu zen hiru egun lehenago txostenaren berri ez
genuelako eta ez ohiko bidetik onartu
behar izan genuen irakurtzeko egun eskas bat izan ondoren. Teknikoki ondo eginda zegoela ikusirik gure
sostenguaren truke baldintza bakarra ezarri genuen: EPa benetan martxan jartzea
eta betearazteko konpromisoa hartzea. Ez dugu uste udal kudeaketa jarraitzen duen
inor, nahiz eta oso gainetik izan, harrituko denik jakitean urtebete pasa ondoren
aho-batez onartutako EP hori gauzatzeko ahaleginik
ere egin ez dutela. Onartu ostean kaxa baten gorde zuten, eta bertan dirau 2017 noiz helduko
eta hurrengo EP bategatik ordezkatua izateko zain. Beraz, aurrekari guzti hauek
kontuan izanik, ESEPari dagokion patua EPak izan duenaren berdintsua izango
dela ematen du, hau da, saguen kritika zorrotzari aurre egitearena solik.
Eta atzo, marmotaren egunaren antzera,
2014 bukatzear dagoenean beste plan berri bat helarazi digute hurrengo asteko
Osoko Bilkuran onar dezagun. Oraingoan, euskara planak (ESEP) 17 esparru ditu
jorratzeko, guzti guztiak udalaren ardurapean geratuko liratekeenak. Baina
euskara planekin udalerri honetan izan dugun eskarmentuak argi eta garbi diosku
nahiz eta teknikoki txosten eredugarria onartu, gauzatzeko borondaterik ez
badago halako onarpenak ezer gutxiren bermea direla. Beraz, ze argudio bildu
behar ditugu, 17 esparru jorratzen dituen ESEPari sostengua emateko, iaz
esparru bakarrekoa onartu bagenuen (EP) eta Udala urtebete pasa ostean oraindik
ez badu ezer ere egin? Merezi al du gure buruari iruzur egitea eta horrelako
lanetan dirua xahutzen jarraitzea, jakin dakigunean Barrikako EAJk euskararekiko
duen konpromisoa hutsaren hurrengoa dela? Datozen egunotan erantzun beharreko galderak
ditugu hauek.
Edukiaren aldetik, aurkeztu diguten
ESEP zirriborroa nahiko txukuna da. Halako planekin gertatu ohi den moduan,
nahiko orokorra da, eta neurri zehatzak botatzen ditugu faltan. Halere,
teknikariak esan bezala, txosten honi kudeaketa plan bat darraio, non hartu
beharreko neurriak zehaztuko diren garatzeko beharrezkoak diren bitartekoekin
batera. Diagnostikoan aurkeztutako datuen arabera (Eustat 2011), Barrikan 625
(%42) biztanle euskaldunak lirateke, 474 (%32) ia euskaldunak eta gainerako 376ak
erdaldunak (%26). Euskaldun eta ia euskaldunoi egokitutako datuak balio handiegia
dutela uste dugu, baina edozein kasutan, kalean euskara jakintza maila hori ez
da, inolaz ere ez, islatzen. Hortaz, euskara kalera aterako badugu,
beharrezkoa da sustapenerako neurriak martxan jartzea. Beste kontu bat da,
halako planekin helburu horretara hurbiltzen garen ala gauden tokian bertan jarraitzen dugun. Izan ere, kalean euskara sustatzeko azken aldian egin diren ekimen
guztiak, liburutegiak antolatutakoaz gain, Isertegi eta Jai Batzordea elkarteek
proposatu dituzte. Hor dira esaterako, antolatu dituzten bertso afariak, ideien
zaparrada, euskara eguna Sanjuanetan,
kanta tailerra eta orokorrean herrian arnasguneak
sortzeko ahalegin guztiak. Ulertezina da elkarte hauek egindako ekarpen guzti
hauek diagnostikoak kontuan hartu ez izanak. ESEP 2014-2017 ikusi nahi baduzue
sakatu aukeratutako hizkuntzaren gainean: euskara ala gaztelera.
Beste alor askotan gertatzen ari den
antzera, Barrikako EAJk zer edo zer egiten ari denaren itxura besterik ez du eman
nahi. Planak eta planak onartzen ditu bata bestearen atzean, egunkarietan horren berri emateko baina
funtsean ezer gutxirako balio dute garatzeko ez borondaterik ezta gaitasunik ere ez
duelako. 2013 onarturiko EP jokaera horren azken adibidea dugu. Zentzu berean eta bitxikeria moduan aipa dezakegu, nahi gabe, UKren bozeramailearen eskutik jakin genuela atzo, Barrikako Alkateordeak UK aldizkariari
duela aste batzuk emandako elkarrizketa Barrikako Udalak aldizkari horri emandako diru-laguntzaren
truke izan zela (57,86 euro). Bitxiena, EHbilduko zinegotziak aurkeztu zuela
proposamen hura Mankomunitatetik jaso zuen oharrari kasu eginez, eta inori esan gabe Alkate Ordeak berak eman zuen elkarrizketa.
Larriena aldiz, elkarrizketa horretan bota zituen proposamen eta asmo guztiak
egin gabe daudela da, itxura besterik saldu ez baitzuen. Eta jakina, itxurak ez
du inongo arazorik konpontzen, ezta euskararena ere. Argi dago beraz, datorren
legealdi berriko gobernu buruek euskararekiko izango duten jarrera oraingoek
eta aurrekoek erakutsi dutenaren antzerakoa bada, hurrengo astean ESEP onartzea
ala ez onartzea eragin gutxiko erabakia izango dela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario