2013/11/19

GURE SOSAK, ZABORTEGIRA?


Barrikako birziklapen maila oso eskasa dela badakigu, %20koa besterik ez alegia. Gure inguruko udalerrien pare gaude halere, baina horrek ez du esan nahi gehiagorik ezin dugunik egin, Gipuzkoako 20 herrik esaterako, %70etik gorako birziklapen tasa baitute gaur egun. Gu baino hiru bider gehiago!


Grafikoan agertzen diren datuei erreparatuz, Udalak 67.000 euro inguru xahutzen ditu urtean gure birziklapen maila eskasaren ondorioz.  Nahiz eta alderdi guztiak zulo horren berri izan, aurreko Osoko Bilkuran zabor tasak KPIrekin eguneratzearen aurka bozkatu zuten bertaratu ziren zinegotzi gehienek (EAJ eta Ibarrika) eta beraz datorren urtean zulo hori handitu besterik ez da egingo. Izan ere, diru sarrerak bere horretan mantendu egiten ditugun bitartean, Garbiker zabortegiak %10eko igoera egin digu bertaratzen dugun tona bakoitzeko fakturan eta gure kaleetatik zaborra jasotzen duen enpresak ere KPIren inguruko igoera egingo digu datorren urtean sartu bezain laster. Zulo honek egiten digun kaltearen neurria nolakoa den jakiten laguntzeko azpimarra dezakegu 2013ko aurrekontuen ohiko sarreren eta gastuen arteko aldearen bikoitza baino gehiago dela.
BilduBarrikatik tasak KPIren neurrian igotzeko eskatu genuen zulo hori, behintzat, handitzen joan ez zedin, baina esan bezala, gure proposamenak ez zuen gehiengoaren babesik lortu. Hala ere, defizit honi aurre egiteko tasak igotzea baino askozaz eraginkorragoa da gure ustez birziklapen mailak hobetzen hastea. Izan ere, argi izan behar dugu, edukiontzi berdean botatzen duguna soilik ordaintzen dugula eta beraz edukiontzien erabilera egokiago bat premiazkoa zaigula. Edozein kasutan, biak ala biak hartu beharko ditugu epe motzean, egoera hau jasanezina bilakatzen ari baita, eta gainera Europar Batasuna praktika hauek zigortzen hasteko erabakia hartu berri duelako. Zenbat eta lehenago hasi orduan eta hobe.
Honen harira aspaldi bota genituen proposamen batzuk nahiz eta orain arte ezer gutxi egin den arren. Hona hemen garrantzitsuenak laburbilduta:

1. Birziklapenaren aldeko sentsibilizazio kanpainak egin. Guk proposatuta Udalak inkesta bat burutu zuen herritarron iritziak jasotzeko asmoz eta kanpainaren bat egin da birziklatzearen alde. Kainpaina hauekin jarraitzea eskatu dugu.
2. Bizkaiko Aldundiak errepide nagusiko edukiontziak kentzeko Udalari egindako eskaera aprobetxatuz edukiontzien banaketa berrantolatzea proposatu genuen, edukiontzi desberdin guztiak batuko lituzkeen zenbait uharte edo gune sortuz. Helburua? Gero eta edukiontzi gutxiago solte egotea herrian barrena eta zaborra bereizteko aukera guztiak eskuragarri izatea.

3. Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan auzoetan konpost gune publikoak sortzearen aldeko aholkua jaso egin genuen 2013 Aurrekontuetan eta behin baino gehiagotan eskatu dugu berau martxan jartzen hasteko.

Udaletxeko agintariek badute beraz mahai gainean zenbait proposamen defizit honi aurre egiten hasteko eta horiek aurrera eramateko partida ekonomikoa onartuta ere badago, hortaz, borondatea besterik ez da behar aurreneko urratsak ematen hasteko. Kontuan hartu behar dugu aldi berean, ez dela Udalaren ardura soilik, herritarrok ere gure aldetik asko baitugu egiteko, azken finean gure esku baitago birziklapen tasak handitzen hasteko ardura. Has gaitezen hortaz gure sosak hobeto erabiltzen eta ez ditzagun zabortegira bota!

No hay comentarios:

Publicar un comentario