2013/11/22

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNERAKO ERAKUNDE ADIERAZPENA


Azaroaren 6an egindako Osoko Bilkuran Bildubarrikak aurkeztuta aho batez onartu zen jarraian duzuen adierazpena.
Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna” dela-eta, Bildubarrikako kideok azpimarratu nahi dugu alor horretan behar-beharrezkoa dela politikari eta herritarren adostasunean eta konpromisoan sakontzea, eta hortik abiatuta, batera bizitzeko guneak sortzea, non emakumeek, azkenean, indarkeria matxistatik aske bizitzeko aukera izango duten. Gure ustez premiazkoa da helburu horrek lehentasunezko eta etengabeko tokia izatea bizitza kolektiboa antolatu eta kudeatzeko ardura duen edozein erakunde publikoren agenda politikoan.

“Hiru gaztek 17 urteko adingabe bat bortxatu dute Egia auzoan”, “neska gazte batek sexu-erasoa pairatu du Ibarrako jaietan”, “polemika San Ferminetan, sexu-erasoen gorakadaren ondorioz”, “Laudion gizon batek emaztea erail du”, “neska gazte batek sexu-erasoa pairatu du Irurako jaietatik etxera itzultzean” “emakume batek Urumea ibaira bota du bere burua, bikotekidearen heriotza-mehatxuetatik ihes egiteko” “Irunen emakume batek aiztoa sartu dio mutil-lagunari, haren erasoetatik defendatzeko”…

Indarkeria matxistaren alderik gordinena hori da, jendeak ikusten eta ezagutzen duena. Alabaina, indarkeria matxistak askotariko aurpegi eta adierazpenak dauzka, eta emakume guztiei eragiten die bizitza osoan zehar, gazteei, zaharrei, etorkinei, sexu-langileei, politikariei, bankariei edo superreko kutxazainei. Indarkeria matxista etxeetan nozitzen dute emakumeek, baina baita eremu publikoetan ere, mota eta intentsitate desberdineko hainbat portaera matxista eta bortitzen bitartez.

Ikuspegi horretatik begiratuta, eraso matxistak ez dira gizon gutxi batzuen jokabide soilak, emakumeen eta gizonen elkarrekiko bizitza antolatzeko eraikitako eredu baten parte baizik, emakumeei denbora kentzean eta emakumeen gorputza, afektuak eta lana gizonen zerbitzuan jartzean oinarritu dena. Eredu horrek berez legitimatzen du egoera hau, emakume eta gizonen arteko desberdintasunei esker, eta neurri handiagoan edo txikiagoan baimentzen du emakumeen aurkako indarkeria.
Aldi berean uste dugu indarkeria ez litzatekeela indarrean egongo indarkeria hori justifikatzen, legitimatzen eta ahalbidetzen duten gizarteratze-bitarteko jakin batzuk indarrean egongo ez balira. Izan ere, bitarteko horiek ahalbidetzen dute indarkeria, kontzienteki edo inkontzienteki, bidezkotzat, beharrezkotzat edo saihestezintzat jotzea. Ildo horretan, erlijioak, hizkerak, komunikabideek, familiak eta hezkuntzak zeresan handia dute indarkeria iraunarazten laguntzen duen gizarteratzean.

Ikuspegi horretatik, emakumeok indarkeria matxistatik aske bizitzeko bermean aurrera egiteko, gure lana eta gure estrategiak honako hauetan oinarritu behar dira:
-Emakume eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunari heltzea, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako funtsezko ardatzetako bat den heinean. Egiturazko indarkeria horri aurre egiteko neurri asistentzial, juridiko eta polizialak soilik erabiltzen baditugu, ordea, ez dugu aurrera egingo.
-Indarkeriaren askotariko adierazpen eta toki ugarietara hedatzea gure begirada. Tratu txarrak eta sexu-erasoak indarkeria dira, bai, baina espazio publikoan gertatzen dena ere indarkeria da: intentsitate txikiko indarkeria esaten zaio, eta esaterako, begirada edo komentario iraingarrien bidez adierazten da, edota toki jakin batzuetan eta ordu jakin batzuetan askatasunez ibiltzeko, emakumeek “babesa” —eta ahal dela gizonen “babesa”— eduki behar izatea normaltzat jotzen denean. Ildo horretan, indarkeria matxistaren aurkako politikek malguak izan behar dute, testuingurura, indarkeria matxisten aniztasunera eta emakumeen aniztasunera egokitzeko modukoak (dibertsitate funtzionala, etorkinak, gazteak, drogazaleak eta abar).
-Kultura-adierazpen eta -fenomeno diskriminatzaileen aurka borrokatzea, eta halakotzat jotzen ez badira ere, indarkeria matxistari legitimitate soziala ematen dioten fenomeno soziokultural eta sinboliko jakin batzuk indarkeria matxistaren adierazpentzat jotzea.
-Emakumeek eta gizonek nola jardun behar duten arautzen duten arau sozialak urratzen dituzten taldeen aurkako bestelako indarkeria matxistak —hala nola transfobia, lesbofobia edo homofobia— ikusaraztea, prebenitzea eta indarkeria horri erantzutea.
-Indarkeria matxistan duten protagonismoari buruz gogoeta egitera bultzatzea gizonezkoak: zer den erasoa eta zer ez den bereizteko zailtasunak dituztenean, erasoetan zuzenean parte hartzen dutenean, eta erasoak gaitzetsi arren, erasoen ikusle pasibo soilak direnean.
Horregatik guztiagatik, udal honek honako konpromiso hauek hartu ditu:
-Berdintasun-politikak garatzeko baliabideak (giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak) urtetik urtera indartzea.
-Parte-hartzean oinarritutako prozesuak abian jartzea edo bultzatzen jarraitzea, jai-giroko erritu sinbolikoetan eta eremu soziokultural guztietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko.
-Emakumeen ahalduntzea sustatzeko eremu komunak sortzea eta/edo baliabideekin indartzea: ahalduntzeko eskolak, emakume-etxeak eta haiek sarean antolatzea. Hau da, emakumeei bultzada ematea, banaka zein taldeka, desberdintasunei, kalteberatasunari eta indarkeria matxistari aurre egiteko behar dituzten tresnak eskura eduki ditzaten. Barrikako Emakumeen Hitza elkarteari babesa eta elkarlana eskaini.
-Beste udalerri batzuekin elkarlanean hastea edo parte hartzen jarraitzea sare-programen bitartez abian jarritako eremu kolektiboetan, Gipuzkoa Berdinbidean programan adibidez. Programa horien arabera, udalek dirua jarri behar dute emakumeen aurkako (eta bereziki emakume gazteen aurkako) indarkeria prebenitzeko jardunak garatzeko, gizonekiko elkarlana bultzatzeko, adierazpen honetan adierazitakoaren ildo beretik, eta ahalduntzeko eskolak abian jartzeko .
-Emakume gazteen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartzeko erakunde arteko lan-prozesuak (Beldur barik programa adibidez) baliabide tekniko eta ekonomikoekin sendotzea.
-Lan kolektiboa abian jartzea eta/edo indartzen jarraitzea, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetzeko koordinazio-protokolo lokal edo mankomunatuen esparruan.
-Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakume eta taldeentzako tokiko arreta-zerbitzuak eratzea edo berdefinitzea, indarkeria-adierazpen desberdinei eta indarkeriari aurre egin behar dioten emakumeen premia eta interes desberdinei erantzuteko.

Azkenik, mugimendu feministak egun horretarako antolatutako jarduera eta mobilizazio guztiekin bat egiteko deia egin nahi dugu. Egun horretan kalera irten behar dugu, eta emakume guztiok mota guztietako indarkeria matxistatik aske izan arte borrokan jarraituko dugula oihukatu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario