2015/02/02

URTE BERRI, ASMO ZAHAR!

Ezaguna da urtea hastear dagoenean egin ohi ditugun asmo berrien zerrendak eta, are ezagunagoa, zerrenda horietan idatzitakoak egun gutxiren buruan baztertu egiten ditugula neurri handi batean. Bada, honezkero esan dezakegu 2015rako EAJren asmo berrien artean ez dela batzordeen arautegia betetzearena egon, urtea hasi eta gutxira, egin beharrekoak bertan behera utzi baitituzte. Iaz behin baino gehiagotan salatu behar izan genuen udal buruek ez zutela eurek onarturiko arautegia betetzen ari eta badirudi aurten ere bide beretik jarraitzeko asmoa dutela EAJko gobernuak muzin egin baitio, beste behin, ohiko Kontu Batzorde Berezia eta Informazio-Batzordeak deitzeari. Twitterren (@EHbilduBarrika) bitartez salatu genuen bezala, Barrikako EAJ ez da gogotsu hasi 2015. urtea.



Udal hauteskunde urtea izanik, gainera, aurtengoa 6 hilabeteko urtea besterik ez dela esan dezakegu eta badira, zaborraren minutuak heldu aurretik, landu eta erabaki beharreko zenbait gai potolo. Horien artean, zalantzarik gabe, udal aurrekontuak ditugu eta horregatik Kontu Batzorde Berezia atzeratu izana larriagotzat jo daiteke. Iazkoaren likidazioaren inguruan informazio gutxi eman da orain arte eta horrela zail xamarra izaten da hurrengoa lantzen hastea. Izan ere, iritzira hitz eginda, aurten ere soberakina itzela izango dela ematen du inbertsio garrantzizko partida ugari bete gabe geratu baitira. Begi-bistakoa da, esaterako, autobus geltokien markesinak (54.000 €), saneamendu lanak (95.000 €) edota Gure Etxeko birgaitzea  (123.000 €) inguruan ezer gutxi egin dela (sakatu hemen Aurrekontuak 2014 inguruan bere garaian idatzitako mezua ikusteko). Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango ezta ere, zinegotzi eta alkatea ordaintzeko partidan emango den soberakina, aurreikusitako 60.600 eurotik 26.000 euro gutxi gorabehera erabili gabe geratuko direnaren zantzu sendoak baitaude. Horren eztabaidak ere soka luzea ekarriko du (ikusi hemen dieten inguruan sorturiko zalaparta). Hala ere, behin betiko likidazioa jaso ezean, ez dago asmatzerik iazko aurrekontuen betetze maila norainokoa izango ote den.
Egin gabe geratu den Informazio-Batzordean baziren ere atzeratuko diren bere biziko beste gai batzuk. Hala nola, Alkateak bere etxebizitzen lizentzien inguruan azalpenak emango zituela agindu zuen abenduan burututako Osoko Bilkuran. Ehbildutik aspaldi eskatu genion bukatu gabe duen etxebizitzaren inguruan informazioa eta orain zinegotzi iheslariak prentsan botatakoak ere argitu beharko ditu (honen inguruan hauxe idatzi dugu aurreko mezu batean).
Bestalde, zaborra biltzeko indarrean dagoen azpi-kontratazioa hemendik gutxira bete egingo da eta esleipen prozesua lehiaketa publikora atera beharko dugu berriro ere. Gogoratuko duzuenez gaur egun dugun kontratua sinatu zenean arazo batzuk egon ziren subrogazio gastuak zirela eta. Jakingo duzuenez, nahiz eta enpresa berria kontratatu aurreko langileek Barrikan egiten duten lana baldintza berean jarraitzeko eskubidea dute. Baina, aurreko legealdian emandako kontrol ezagaren ondorioz, neurtutako subrogazio gastuak handiegiak zirenaren susmoa dugu, jardunaldi partzialerako kobratzen dutenari erreparatzen badiogu behintzat. Hortaz, ezinbestekoa zaigu langile bakoitzak Barrikan lan egiteagatik zenbat kobratzen duen zehatz-mehatz jakitea kontratu berria egiteari ekin aurretik. Bilketa egiten duen enpresak, Inbisak alegia, (10.000 €) kalte-ordainak eskatu zituen subrogazio kostuen trukean, baina nahiz eta askotan eskatu diogun ez du inoiz kostu horren nondik norakoa egiaztatu. Eskatutakoa handiegia zelakoan, korporazioko gehiengoak adostu genuen enpresak bidezko ziurtagiriak aurkeztu ezean ez zitzaiola euro bakar bat ordainduko udaletxetik. Halere, ara non jakin dugun gehiengoz onarturiko erabaki horri muzin eginez Alkateak bere kabuz ordaindu dizkiola 10.000 euro horiek, jakina, inongo azalpenik eman gabe. Erabaki honen garrantzia gainera, 10.000 euro horietatik haratago doa, izan ere, ordainketa honekin nolabait onartu baita enpresa honek egiaztatu gabe dioen kopurua, eta hurrengo kontratazioan aurrekoaren akats bera egin dezakegu; gehiegizko subrogazio gastuak ordaintzea hain zuzen. Abenduko Osoko Bilkuran izan genuen kalte-ordainen ordainketaren berri, eta ez Alkateak ezta Alkate Ordeak ere ez ziren gai izan honen inguruan azalpen koherente bat emateko. Informazio-Batzordean emango zutela agindu ziguten, eta noiz burutzeko zain gaude asko baitago jokoan.
Aurreko zerrendari, besteak beste, Arriagas auzoan emandako bi lizentziaren aurka Ibarrikak sartu berri duen helegitea gehitu beharko diogu. Talde independentea beti egon da eraikitzeko bi lizentzi horien aurka eta askotan mehatxatu du helegitea jartzearekin; bada, oraingoan badirudi urriaren 30ean Osoko Bilkuran hartutako erabaki hura auzitara eraman duela. Honen inguruan bere garaian idatzi genuenez ez gara gehiago luzatuko, sakatu hemen gure iritzia jakiteko. Hala ere, ahalik eta arinen helegiteren nondik norakoak aztertu beharko ditugu eta Udalak bere iritzia jakinarazi beharko digu.
Goian aipatutako guztiari erreparatzen badiogu, ukaezina da badugula lehenbailehen lantzeko hala-moduzkoak ez diren hainbat gai eta bilerak bertan behera utzi izanak ezer gutxitan laguntzen duela. Ohikoa denez, ez dakigu zergatik ez den bete arautegia, zuek ondo dakizuenez udaletxetik inongo azalpenik ez baitute ematen. Egia da, utzikeria hau idazki beten bitartez salatu genuenetik udaletxean berehala deitu dutela heldu den asterako ez ohiko informazio-batzorde batera, non HAPOa eta Muriolarako Arau Subsidiarioen Moldaketa izango diren aztergai. Horrela, urtarrilean burutu beharreko ohiko Kontu  Batzorde Berezia eta Informazio-Batzordea jan ondoren, ez ohiko Informazio-Batzoredera deitu dute, urtarrilean inongo bilerarik egin ostean. Arautegian zehaztutakoak alde batera utzi eta inprobisazioa nagusitzen ari da gure agintarien artean. Tamalez, hasi berri dugun urterako ez dago asmo berriren zantzurik.

1 comentario:

  1. Zuek Udalak baino informatzen duzue, ia hurrengo hauteskundeetan herriak kontuan hartzen du, nik bai.

    ResponderEliminar