2014/09/26

UDAK EZER GUTXI ALDATU DU, UDALETXEAN EZ DA GIRO!

Atzo, hilak 25, izan genuen aurreneko opor osteko bilera ofiziala Udaletxean. Ohikoa denez, deituta geunden jarraian egiten diren bi batzordeetara, Kontu Batzorde Berezira eta Informazio-Batzordera, hain zuzen. Legealdiko beste abuztuetan ez bezala, aurtengoan ez dugu batzorderik izan eta beraz bi hilabete generamatzan Udaletxean modu ofizialean zinegotzi guztiok bildu barik. Baziren gai batzuk uda aurretik itxi gabe geratu zirenak eta bilera hasi aurretik gure ikusmina horien, eta beste batzuen, inguruan handia zen. Batzuk gogoratuko dituzue uda aurretik blogean aipatu genituelako, esaterako, Nagusi Etxearen kontratu luzapenaren auzia (sakatu hemen ikusteko) edo zinegotziok jasotzen ditugun dieten eguneraketa 2014 urteko Aurrekontuetara doitzeko (sakatu hemen) pare bat aipatzearren.
 
Baina zoritxarrez eta ohiko bilakatu den legez, uda ostean ere udal bileretan ez da giro eta Alkateak Kontu Batzorde Berezia bukatzear zegoelarik bertan behera utzi zuen bilera, jasotako errespetu faltak zirela medio. Zinegotzi iheslari batek Alkateari modu txarrean “etxera joateko” eskatu zionean bukatu zen garrasiz beteriko bilera, herritarrontzat garrantzitsuak diren hainbat gai beste behin ere landu gabe utzirik. Jakina, gure proposamenak eta galderak bota gabe geratu ziren, hurrengo batean nork erantzuteko zain.
Horien artean azpimarra daiteke, datorren asteko Udalbatzarrari begira, Imanol gure auzokidearen aurkako epaiketa salatzeko beste herri batzuetan onartutako “Herritarron Adierazpena” idazkia aurkeztu nahi genuela, Barrikak ere Audientzi Nazionalak epaitzen ari diren 28 gazteei sostengua emate aldera. Bestetik, bagenituen ere, galdera batzuk egiteko, adibidez, jakin nahi genuke zergatik aurrekontuetatik kanpo dauden lanak burutzen ari diren (batzuk prentsaren bitartez jakin ditugunak gainera!, Hilerrikoa esaterako) eta aurrekontuek jaso eta diru partida dituzten lanak, aldiz, geldirik dauden (Gure Etxekoa, adibidez). Atzetik datozen galdera mordoa ere erantzuteke dago (sakatu hemen ikusteko) nahiz eta behin eta berriro dioskuten erantzungo digutela. Beraz, gure proposamenak plazaratu gabe eta gure jakingura bete barik bukatu zen atzoko bilera.
Hala ere, garrasien artean gai batzuetan zeozer aurreratu dela antzeman genuen. Esaterako, Nagusien Egoitzaren aferan badirudi Udalak taberna kudeatzen duen enpresari ordaindu beharreko zenbatekoa jakinarazi diola. Esan zigutenaren arabera, esleipendun enpresarekin ordaintzeko modua  zehazten ari omen dira orain. Bazen garaia Udalak afera honetan gauzak ganoraz egiten hasteko!. Bestetik, asistentzia dietak direla eta, Udalak zinegotzi bakoitzari jakinarazi digu jasotako gehiegizko kopuruaren zenbatekoa eta helegiterako tartea zabaldu du kopurua zinegotziokin banan-banan adostu aldera. Epea betetzean beraz, jakingo dugu norberak zor duen kopurua eta gainerakoek zor dutena. Hori agindu digute bederen. Badirudi beraz, guk eskatu bezala, dieten eguneraketa martxan dagoela eta likidazioa epeka egingo dela urte bukaerarako utzi beharrean. Poztekoa da.
Hala ere, Informazio-Batzordea burutu gabe geratu zen eta noiz egingo den ez dakigu oraindik ere, baina badira askozaz gehiago itxaron ezin dezaketen nahikotxo gai potolo. Gai zerrendan esaterako, hirigintzako hainbat kontu (HAPOren Aldaketa Puntuala Barrikabasorako, Aholkularitza Batzordearen azken lana), kulturako beste batzuk (2014ko diru-laguntzen banaketa tartean) eta zehaztu gabe dagoen hainbat kontratazio eta hainbat lan dago jorratzeko zain. Gutxi balitz, hurrengo ohiko Udalbatzako Osoko Bilkura hilaren bukaeran izan behar du, eta aipatu berri diren gai batzuk aurrera joango badira, aldez aurretik landu beharko ditugu. Esan bezala, noiz landuko diren ez dakigu; nola, berriz, orain arte gertatutakoagatik antzeman daiteke: astiro, txarto eta giro txarrean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario