Zubiak eraiki nahi
ditugu lehen harresiak zeuden lekuan. Gurea bando herria izan da. Identitatearen
inguruko bateko eta bestekoena, ideologiaren araberakoena... eta garaile eta
garaituena, “eurak” eta “gu”, betiro. Baliteke, oraindik ere, hala izatea
neurri batean. Baina bi urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri
bat sortu da, “gu” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den
etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politiko hutsera
mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen
etorkizuna.
Etorkizunerako
zubiak. Atzera
begirako estrategia “antiterrorista”-ri lotzea herri honen etorkizunaren
eraikuntzarako zama latza da. Eragile politiko eta sozial orok eman du urratsen
bat denok batera ekin behar diogun etorkizuna eraikitzeko. Gehiago beharko
dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eten edo oztopatu asmoz
eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau horietako bat da,
garrantzitsua gainera. Garaiz eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa da.
Ilusio zubiak. Epaiketa hau, antzeko
beste ekinbide batzuen antzera (edo estrategiaberaren baitan egiten
ez diren urratsen moduan) frustrazio eragile da. Herritarrok ilusio desioz
gaude, ordea, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu,
errespetua eta aitorpena oinarri izango dituena.
Justizia zubiak. Bada arrazoibide eta
tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko
urrats txiki bat izan dadin. Justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik
aplikatzen hasi behar da. Gure aurkako epaiketan berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu
ditu akusazioak froga gisa, hala aitortu du, gainera; helburuak dituzte
epaitzen, ez bitartekoak, jardun politikoa dute epaitzen eta ez delituak.
Egungo testuinguruan, politikak irten egin behar du eremu polizial eta
juridikotik.
Horregatik
guztiagatik, adierazpen honetan prozesu judiziala bertan behera uztea eskatzen dugu, edo
auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua, baina 40 gazte hauek libre
nahi ditugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario