2019/11/19

BARRIKAKO EAJ-K EZ DU LEKUKORIK GURA



Uribe Kostako EH Bilduk (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko EH Bildu) Barrikako alkatearen (eta gainerako EAJko zinegotzien) jarrera antidemokratiko eta oztopatzailea salatu nahi du, eta elkartasuna adierazi nahi die EH Bilduko alderdikide eta boto-emaileei, izan ere, azken horiek baztertu egiten dituzte udalak goizez osoko bilkurak egitea erabaki duelako.

Orain arte arratsaldeetan egiten ziren osoko bilkurak goizetara eramatea erabaki du alkateak, nahiz eta EH Bilduko zinegotziek jakinarazi zioten familia eta lan arrazoiengatik ezinezkoa zitzaiela ordutegi horretan joatea.


Kontuan izan behar dugu ordutegi horrek kalte egiten diela lan-arloko konpromisoak dituzten ordezkariei, eta, gainera,  herritar askori galarazten diela bilkura horietara joatea, publikoak baitira eta auzotarrek gure ordezkariek hartzen dituzten erabakiak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dien organo bakarra osatzen baitute. Beraz, herritarren parte-hartzea oztopatzeko nahita egindako ekintza da, baita eska daitekeen gardentasun minimoaren aurkako atentatu nabarmena ere.

Bi egun lehenago, alkateak goizeko lehen osoko bilkura deitu zuen, eta bertan, oposizioaren kexak kontuan ez hartzeaz gain (EH Bilduko 3 zinegotziak eta IBarrikakoak), ordutegi hori behin betikotzat hartzea erabaki zen.

Udalaren helburuetako bat herritarren parte-hartzea sustatzea izan beharko lukeen arren, ikusten da, EAJ ez dagoela fiskalizatua izateko prest. Ez dute lekukorik nahi. Horrenbestez, nekez pentsa daiteke gobernu-talde honek parte-hartzearen eta gardentasunaren alde egingo duenik, baldin eta, hasi bezain laster, haren jokabideak eta erabakiek adierazten badute interes gutxi edo batere ez duela gainerako udalkideen edo Barrikako bizilagunen presentziarekiko.

EAJk ez luke ahaztu beharko, gainera,  bere bost ordezkariek oposizioko laurek baino boto gutxiago lortu zituztela – ta dezente gutxiago ordezkaririk gabe geratu ziren zerrenden alde egin duten bizilagunak kontuan hartuz gero –, eta, beraz, benetan, bere akolitoak baino pertsona gehiagorentzat gobernatu nahi badu, jarrera irekiagoa erakutsi beharko luke.

Azkenik, esan EH Bildu Uribe Kostatik marjinazio hori salatu eta gure esku dauden neurri instituzional eta politikoak hartuko ditugula, udal funtzionamendu demokratiko eta gardena lortu arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario